Multijokalari joko motak kanpoan geratuko dira bertsio honetan. PC eta kontsoletara iritsiko da.

Shepard komandantearen abentura guztiak berriz bizitzeko aukera edukiko dute Biowaren rol jokoen zaleek maiatzaren 14tik aurrera. Mass Effect Legendary Edition RPG sagaren lehen hiru atalak batuko ditu hainbat hobekuntza eta aldaketa gaineratuta.

Electronic Artsek berritasun horiek nabarmendu ditu bildumaren webgunean. PlayStation 4 Pro eta Xbox One Xrako 4K bereizmena eta segundoko 60 irudien tasa agindu ditu; PlayStation 5 eta Xbox Series Xrako are hobekuntza grafiko gehiago egongo dira, baina ez dituzte horiek zehaztu. Steam eta Originen argitaratuko den PCko bertsioak aipatutakoekin batera 21:9 formatuko pantailetarako euskarria edukiko du.

Testurak, argiztapena, modeloak eta efektuak berriztatzeko lana egin dute garatzaileek. Lehen abenturaren interfazea ere aldatu dute bere jarraipenetan ikusitakoaren antz gehiago izateko; kontroletan ere aldaketak jasoko ditu Mass Effect 1ek. Webgunean birmasterizazioak jatorrizko bertsioekin alderatzen dituen irudiak aurki daitezke.

Espantsioak eta gainerako eduki gehigarri guztiak ekarriko ditu Legendary Edition honek: guztira hiru jokoetarako 40 bat DLC bilduko ditu. Hala ere, multijokalaria kanpoan geratuko da.

Mass Effect Legendary Edition PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox Onerako estreinatuko da.