Mundu irekiko abentura izango da. The Division 2 prestatzeaz arduratu zen Massive Entertainmenten esku dago.

Orain egun batzuk sortutako Lucasfilm Games markaren izenpean dagoen bideojokoen zerrenda handituz doa. Atzo Bethesda prestatzen ari den Indiana Jones iragarri ondoren, gaur izar nagusiaren txanda iritsi da: Star Wars berri batean lan egiten ari dira.

Azken urteetan Electronic Artsen esku egon dira Izarretako Gerraren bideojokoak, baina hori aldatzear dago. Izan ere, Ubisoft izango da proiektu berri honen arduraduna. Wired webguneak eman du berria, eta bertan adierazi dutenez mundu irekiko abentura garatzen ari da Massive Entertainment estudio suediarra.

The Division 2ko arduradunak oraindik proiektuan lan egiteko garatzaileen bila ari direla zehaztu dute. Tom Clancyren bideojokoa sortzeko erabilitako Snowdrop Engine motor grafikoa erabiliko dute Star Wars honetarako. Lucasfilmekoek eta Ubisoftekoek ez dute xehetasun gehiago iragarri nahi izan, beraz plataformak eta argitaratze data ezezagunak dira.

Yves Guillemot Ubisofteko burua pozik agertu da lortutako akordioarekin: “Star Warsen historiako behin betirakoak izango diren pertsonaia, mundu eta istorioak sortzea izugarrizko aukera da guretzat, eta Ubisoft Massivek Lucasfilm Gamesekin lan egiteko gogotsu gaude aurretik egindako edozeren desberdina den Star Warsen oinarritutako abentura originala sortzeko”.

Electronic Artsi dagokionez, etorkizunean ere elkarlanean jarraituko dutela nabarmendu dute Lucasfilmekoek: “EA kide garrantzitsua izan da eta horrela izaten jarraituko du”.