Supergiant Games akziozko joko azkar eta fresko batekin etorri da, indie jokoen egoera biziberritzeko gogotsu. Aldez aurretik sarbide goiztiarrean jokatu zitekeen arren, Hades 2020ko ezuste handienetakoa izan da bideojokozale askorentzat. Prozeduralki sortutako mundu ederra akzio eta narratiba apartekin batzen ditu greziar mitologian oinarritutako roguelike honek.

Indie garatzaileen jokoak eta roguelike generoaren berpizkundea estu lotuta daude. Bere zentzua dauka, estudio txikiei lanaren zati handi bat errazteko ezaugarriak baitituzte: behin eta berriz errepikatzen diren kokaleku, etsai eta bestelako edukiak ikusiko dituzte jokalariek estilo honetako jokoetan, prozeduralki sortutako munduetan barrena.

2008an argitaratutako Spelunkyk eta bereziki 2011ko The Binding of Isaacek indarberritu zituzten roguelikeak; aurretik Diablo bezalako lanak ziren era honetako jokorik esanguratsuenak, baina Blizzarden saga famatuak indarra galdu ondoren indien eskutik ausazkotasuna eta heriotza iraunkorrak ardatz dituzten era guztietako bideojokoak ikusi ditugu ordutik hona. Plataformak eta akzioa bizi ditugu Rogue Legacyrekin; estrategia FTL: Faster Than Lighten; metroidvania moduko azpigenero berezia roguelikekin batu dute Dead Cellsen; bullet hellak Enter the Gungeonen eta baita erritmo jokoak Crypt of the Necrodancerrekin ere. Garatzaileek aldez aurretik egonkortutako generoak hartu eta rogueliken ezaugarriekin lan fresko zein originalak sortzeari ekin diote, ezinezkoak ziruditen joko bereziak asmatuta.

Supergiant Games garatzaileak pasa den urtean argitaratutako Hades dugu nahasketa zirraragarri horren azken adibidea. Abentura honek ez du jokalariak harritzea lortuko bere jostagarritasunagatik: indie garatzaile honen Bastion edo Transistor jokoetan bezalaxe ikuspegi isometrikodun borroketan parte hartuko dugu bertan. Zagreo protagonistak Hadesen erreinua osatzen duten ziegetan barrena bidaiatu beharko du bertatik ihes egiteko; aurrera egiteko arerioz betetako gela txikiak gainditu beharko ditu. Toki hauek antolaketa desberdinak izango dituzte tranpa, apurtzeko zutabe eta bestelako elementuekin. Noizean behin erronka bereziak edukiko dituzten gelekin topo egingo dugu: etsaiak denbora mugatu batean ekiditu edota beste pertsonai batek baino gehiago akatu beharko ditugu horietan, esate baterako.

Sinpletasuna biribildu

Beste hainbat rogueliketan ikusitako formatu bera da, are sinpleagoa: gela bakoitza gainditzerakoan jarraitu beharreko bidea aukeratu beharko dugu eta ezingo dugu atzera egin. Gelara sartu aurretik bertan jasoko dugun ordainsaria azalduko zaigu, jarraitu beharreko bidearen erabakia proposatuta. Hortaz ezingo gara aurrera eta atzera ibili kokaleku bakoitzean, gure ibilbide bakarra hurrengo mailara jarraitzea izanik.

Aurkeztutako premisa ez batere konplexua beraz. Halere, Hadesek jokalaria gatibatzea lortzen du borroka azkar eta entretenigarrien bidez. Zagreok aniztasun handia eskaintzen duten sei armen artean aukeratu dezake ihes egiteko saiakeren hasieran: ezpata, lantza, ezkutua, arkua, esku-babesak eta errifle bat eskuratuko ditugu. Bakoitzak eraso arrunta, berezia eta jaurtigai propioa ditu. Ezpatak eta esku-babesek hurbileko borrokarako zuzenduta daude, lantzak hurbilerako zein urrunerako balio duen bitartean. Arkuak eta errifleak etsaiei urrunetik erasotzeko aukera eskaintzen dute, baina tiro egiteko gelditu egin beharko gara, erasoak saihesteko zailtasunak emanda. Armek desblokeatu beharreko itxura desberdinak izango dituzte gainera, eraso edota ezaugarri desberdinekin.

Eskema sinple honi gatza eta piperra jartzeko bedeinkazioak izango ditugu: saio bakoitzean Olinpoko jainko desberdinek eskainitako bedeinkapenak aurkituz joango gara. Ausazkoak izango dira, eta bat lortzerakoan hiru ahalmen edo hobekuntzen artean hautatu beharko dugu. Aipatutako erasoak hobetuko dituztenak daude, baina baita bestelako abileziak eskainiko dituztenak ere: eraso bakoitzarekin tximistek arerioak jotzea, azkarrago mugitzea eta dash gehiago izatea, etsaiak izoztea, bizi gehiago edota bestelakoak lortuko ditu Zagreok bedeinkazio hauekin, aniztasun izugarria egonda. Noizean behin bi jainko batera aurkeztuko zaizkigu botere konbinatu bat eskaintzeko, efektu benetan bereziekin. Eraso boteretsuak jaurtitzea ere ahalbidetuko dute: dei edo call deituak, azken abilezia hauek efektu bortitz desberdinak izango dituzte. Askotan borrokaldietatik garaile ateratzeko bide bakarra izango dira, hil ala biziko uneetan erabiltzekoa.

Bedeinkapen bakoitzaren ezaugarriak eta botereak ondo azaltzen dira, baina hasiera batean ohikoa izango da galduta ibiltzea. Partida batzuk igarota nahi dugun estilorako egokienak hautatzen ikasiko dugu, eta horrek aurrera egiterakoan jarraitu beharreko bidea hautatzea erraztuko digu. Bedeinkapenez gain armen erasoak aldatzeko balioko duten mailuak eta iraupen mugatua duten objektuak aurkituko ditugu; erronka zehatzak gaindituta ezaugarri bereziak desblokeatzeko aukera ere egongo da.

Eskema sinple honi gatza eta piperra jartzeko bedeinkazioak izango ditugu: saio bakoitzean Olinpoko jainko desberdinek eskainitako bedeinkapenak aurkituz joango gara.

Guzti hauen konbinazioei esker izugarrizko sarraskiak egin ditzakegu etsaien artean, bedeinkapen askok elkarri eragiten baitiote botere handiagoak eskainita. Zorakeriak ikusiko ditugu. Adibidez, Zeusen ahalmenak batuta jaurtigaia botatzerakoan honek etsaien artean errebote egin, eta bakoitza jotzerakoan tximista erortzea lortu izan dut; tximistak jotako etsaiek mugitzerakoan min hartzen zuten, eta horrelako beste hainbat efektu gehiago ikusten nituen eraso bakoitzarekin. Etsaiek ez zuten irabazteko aukerarik izan, zer esanik ere ez. Une horietan kaosa nagusituko da pantailan, eta ohituta baldin ez bagaude erraza izango da gertatzen diren gauza guztien artea galtzea. Hala ere jokoak lan aparta egiten du elementu guztiak modu argi batean aurkezteko orduan. Pantailan botere mordoa batera agertzerakoan eta kolperen bat jasotzerakoan ez dut pentsatu jokoaren erruagatik izan dela; nire ekintzak kudeatzen ikasi behar izan dut akzioa jarraitzeko.

Bizi. Hil. Errepikatu… baina botereekin

Hori horrela, ihesaldi saiakera bakoitza guztiz desberdina izango da. Izan ere, roguelike bateko protagonista izanik hildakoan Zagreok lortutako abilezia guztiak galduko ditu eta hasierara itzuliko da. Ohikoa izango da beraz bedeinkapen kaskarrak eskuratuta askorik irauten ez duten saiakeretan parte hartzea, baina baita gela bakoitza ziztu betean gainditzea abilezia eraginkorrak lortuz gero. Eskuratuko ditugun ahalmenak ongi aprobetxatzean datza bizirauteko gakoa, eta hori egitea gozamen hutsa da jokalariarentzat. Une horietan lortzen du Hadesek azken urteetako akziozko jokorik dibertigarrienetakoan bilakatzea; ibilitako bide gogorra saritzen daki bideojokoak, eta ordurako jokalariak sari hori hartu eta disfrutatzeko tresna guztiak ditu eskura.

Bildutako botereak ondo erabiliz soilik izango dugu etsai nagusiei ziurtasunez aurre egiteko aukera: kokaleku bakoitzaren amaierara iristean arerio berezi baten aurka egin beharko dugu. Jokoak eskaintzeko dituen borroka luzeenak izango dira, eta kontuz ibiltzen ez bagara game over pantailara iristea erraza izango da.

Greziar mitologiako izen ezagunak entzungo ditugu behin eta berriz.

Generoko adituek jakingo duten bezalaxe, hiltzea saihetsezina izango da beraz: partidak behin eta berriz bukatuko dira Zagreoren heriotzarekin. Baina partidak luzatzeko modua izango dugu Hadesen. Abenturan zehar bilduko ditugun iluntasunarekin, giltzekin eta harribitxiekin hobekuntza eta abilezia iraunkorrak desblokeatu daitezke Hadesen etxea osatzen duten pertsonaia desberdinekin hitz eginda. Bizi gehiago, jaurtigaiak, bedeinkapen hobeak agertzeko probabilitate gehiago, hiltzerakoan berpiztea, bizia berreskuratzeko gelak aurkitu ahal izatea… ihesaldietarako erabilgarriak izan daitezkeen denetariko hobekuntzak desblokeatuko ditugu.

Aurrerapenak etengabeak izango dira. Ez da egongo partidarik non bukatu ondoren ezin izango dugun zerbait erosi edo lortu eta hori eskertzekoa da, behin eta berriz saiatzen jarraitzeko gogoa ematen baitu. Garatzaileek partidetan gauza desberdinak frogatzera bultzatzen dute gainera. Txanda bakoitzean arma zehatz bat erabilita iluntasun puntu gehiago eskuratuko ditugu, adibidez: horregatik ez balitz betiko bi arma berberak erabiliko nituen, eta desafioa eskertzen da. Gauza bera gertatzen da bedenkazioekin, eta ordainsariak ematen baitituzte hautatu ez dituzunak erabiltzera animatuz gero.

Aurrera egitearen sentipen hori zoragarria da jokoarentzat, eta beste roguelike askotara jokatzearen gozamen hutsagatik bueltatu izan naizen arren, Hadesen horrez gain benetan aurrera egiten ari naizela sumatzen izan dut, era guztietako gauzak desblokeatuta.

Adiskidetasun jainkotiarrak

Sentipen horri laguntzeko jokoak bikaintasunez jorratzen duen beste arloetako bat aipatu beharra dago ezinbestean: narratiba. Pertsonaia gutxi batzuk ezagutuko ditugu greziar mitologiaren infernuan, baina beti zer esan izango dute. Zagreo jainkoak zein mitologiako pertsonaia ezagunak adiskidetuz joango da. Aurkitzen ditugun bakoitzean horiekin hitz egin dezakegu: hasiera batean ez dugu jakingo Zagreok Hadesetik ihes egiteko duen beharrizan horren zergatia, baina misterioa argituz joango da gainerakoekin hitz egiten joan ahala.

Gainera, ihesaldietan aurkitu daitezkeen objektu zehatz batzuk oparitzeko aukera egongo da, harremanak hobetuz eta are gauza gehiago desblokeatuz. Esaterako, hobekuntza iraunkorrak eskaintzen dituzten objektuak eskuratuko ditugu horrela; maila bakoitzean bat hartu eta askotariko hobekuntzak jasoko ditugu.

Hadesen erreinua ederra zein beldurgarria da.

Hiltzen garen bakoitzean Hadesen jauregian agertuko gara. Bertan hainbat gauza egin ditzakegu: ohikoena beste hurrengo saiakerarako prestatu eta pertsonaiekin hitz egitea izango da, baina jauregia bera eraberritu eta gune berriak desblokeatzeko ekintzak ere ikusiko ditugu.

Gidoia osatzen duen esaldi kopurua izugarria da: ezagutzen joango garen horiek beti dute zerbait berria esateko. Garatzaileek orain gutxi adierazi dutenez guztire 305.433 hitzez osatutako gidoia eratu dute jokorako. RPG edota testu askoko abenturekin alderatuta zifra eskasa dirudien arren, roguelike baterako kopuru harrigarria da. Gidoia bera ez da nabarmentzekoa, baina hainbat ordu galduko ditugu Zagreoren ezagunekin hitz egiten; bikoizketa lan azpimarragarriaren ondorioa izan daiteke ziur asko. Jokoaren arrakastaren zergatietako bat da narratiba, zalantzarik gabe.

Estetika ederra du Hadesek. Ikuspegi isometrikoa izan arren pertsonaiek zein etsaiek tamaina handia dute, eta xehetasunez beteta daude. Hadeseko azpimundua osatzen duten pisu bakoitzeko girotzea aparta da gainera: leku ilun eta beldurgarrietatik hasita magmaz gainezka egiten duen infernura igaroko gara, baita Eliseo Zelai ederrak bisitatu ere. Pertsonaien erretratuak izugarriak dira, eta Supergiantek zale asko irabazi ditu Olinpoko jainkoen zerrenda dibertigarria zein erakargarria eginda.

Eskuratuko ditugun ahalmenak ongi aprobetxatzean datza bizirauteko gakoa, eta hori egitea lortzea gozamen hutsa da jokalariarentzat.

Partida desberdinetan aniztasuna gailentzeko esfortzu handiak egin dituzten arren luzera Hades errepikakorra suerta daitekeela aitortu beharra dago. Testuaren hasieran aipatutako sinpletasunak ordu askoren ondoren bere kontra egiten du. Gela desberdinak zapalduko ditugun arren ibilbidea beti izango da antzekoa, egitura mantenduko baita: ez dago pisuen artean aukeratzerik, ezta gune sekretu edo berezirik ere. Kokalekuen artean alternatibak egongo balira (horiek osatzen dituzten etsaiak eta elementuak aldatuta aldi berean), jokoak asko irabaziko luke eta zalantzarik gabe rogueliken erregea izatea lortuko zuen.

Hori dela eta, jokoa gainditu ondoren partidei are bizitasun gehiago emateko erronka bereziak hautatu daitezke saio bakoitza hasterakoan. Arerioek bizi gehiago izatea edo tranpek min gehiago egitea bezalako gauza sinpleetatik hasita etsai nagusien forma bereziak, lortutako hobekuntza iraunkorrak desaktibatzea eta beste hainbat aldagailurekin jokatu dezakegu. Istorioak aurrera jarraituko du gainera, esaldi eta hizketa berriekin. Beraz, Hadesen oinarriak gustoko baditugu jokoak zer eskaini dauka denbora luzerako.

Rogueliken barruan gauza berezirik egin gabe, bildutako guztia modu bikainean egitea da Hadesen indargunea. Atal guztiak landu eta perfekzionatzen ditu Supergianten jokoak, baina are garrantzitsuago, dibertigarriak izateko aparteko ahalegina egiten du era guztietako gehigarriak gehituta. Borrokak, esplorazioa zein hizketaldiak benetan gozagarriak dira, eta garaipena zein porrota eskuratu arren beste partida bat hastera eramaten zaituzte. Eta hori da azkenean genero honetako jokoen azken helmuga.

Fitxa Teknikoa:

  • Plataforma: PC eta Switch
  • Generoa: Akzioa, roguelike
  • Argitaratze data: 2020-09-17
  • Garatzailea: Supergiant Games

Rating: 4 out of 5.