Jokalari bakarrarentzako espantsioa izango da. Wii Uko klasikoa berritasunekin argitaratuko da Switchean.

Super Mario 3D World da Wii Uko jokoen artean Switcheko bertsioa izan ez duen Nintendoren lanetako bat. Hori datorren otsailaren 12an aldatuko da, kontsola hibridorako bertsio berria prestatzen ari baitira. Ekarriko dituen aldaketen artean esanguratsuena Bowser’s Fury espantsioa da; orain arte ezer gutxi iragarri duten arren, Nintendok eduki berri honek ekarriko duen erronka erraldoia erakutsi du gaur trailer batekin.

Bertan ikusi daitekeenez, Bowser’s Fury Super Mario 3D Worlden mekanikak eta oinarriak aprobetxatzen dituen mundu irekiko abentura izango da. Kokaleku berri bat esploratu beharko dute jokalariek Mariorekin, baina ez da bakarrik egongo, berarekin Bowser Jr. ibiliko baita. Lagun bilakatutako arerioak sekretuak bilatzeko balioko du.

Abentura honetako helburua ohiko izarrak ordezkatuko dituzten katu itxurako ikurrak batzea izango dela dirudi. Mundu honetan libreki ibiltzeko aukera izango du Mariok, eta erronka desberdinei aurre egin beharko die ikurrak eskuratzeko.

Ezusteko handiena trailerraren amaieran dator. Bertan ikusi daitekeenez Bowser erraldoi bat egongo da mundu ireki honen erdialdean. Izartzerakoan Mariori erasotzeari ekingo dio, arerio izugarri batean bilakatuta. Iturginak Bowser beldurgarri honi aurre egiteko transformazio berria izango duela dirudi: tamaina bereko lehoian bihurtzeko aukera izango du. Espantsio hau jatorrizko jokoarekin batera argitaratuko da Super Mario 3D World + Bowser’s Fury deitutako bilduma osatuta.

Super Marioren 35. urteurrenaren baitan kaleratuko duten jokoetako bat izango da, baina berritasunak ez dira jokoen aldetik bakarrik iritsiko. Nintendo Switcharen bertsio berria ere iragarri du N Handiak urteurren berezi hau ospatzeko: Nintendo Switch – Mario Red & Blue Edition System deitutako kontsolak iturginaren koloreekin apainduko du kontsola hibridoa. Bideojokoarekin gertatu modura, otsailaren 12an merkaturatuko dute.