id Softwaren tiro jokoa bertsio digitalean soilik argitaratuko da Nintendoren kontsolan.

Bethesdak Doom Eternalen Switcheko bertsioaren garapena aurrera doala baieztatu du. Hori bai, ez da edizio fisikoan argitaratuko: enpresak hori bertan behera geratu dela adierazi du.

Iragarpena jokoa erosita zuten erabiltzaileei heldutako mezuak zabaltzen hasi ondoren egin du enpresak. Erosleek Eternalen erosketa ezeztatuta ikusi izan dute mezuotan.

Sareetan Switcheko bertsioa bertan behera geratu dela hedatzen hasita, hori argitzeko adierazpenak egin ditu Bethesdak: “Doom Eternal digitalki argitaratuko da Nintendo Switchean, eta horren ondorioz saltokietan saldutako edizio fisikoaren salmentak ezeztatu egin dira”.

Hori horrela, tiro jokoa eShopetik soilik erosi ahalko da Nintendoren kontsola hibridoan. id Softwarek lanak oraindik ez dauka argitaratze data zehatzik Switcherako, ezta PlayStation 5 eta Xbox Seriesetako bertsioetarako.

Doom Eternal martxoan estreinatu zen PC, PS4 eta Xbox Onean. PixelBerrin tiro joko izugarri honen analisia idatzi genuen: hemen irakurri dezakezu.