Super Smash Flash 2ren arduradunen lan berria da. Dagoeneko jokoa argitaratu ahal izateko behar duten gutxieneko diru kopurua bildu dute.

Zaleek eratutako Super Smash Bros.-en jokorik ezagunenaren garatzaileek beraien lehen bideojoko komertziala prestatzen ari dira. Super Smash Flash 2 sortu zuen McLeodGaming estudioak Fraymakers iragarri du, Nintendoren borroka jokoaren pausoak jarraituko dituen borroka jokoa plataformeroa.

“Eskuz animatutako borrokalari ezagunak, xehetasunez betetako kokalekuak eta laguntzaile zerrenda erraldoia” agindu dituzte garatzaileek. Jokoan ikusitako pertsonaiak beste indie jokoetako gonbidatuak izango dira: borrokalarien artean Octodad, Bit.Trip sagako Commander Video edota Slay The Spireko The Watcher egongo dira. Gauza bera gertatuko da laguntzaileekin. Faster Than Light, I Wanna Be the Guy eta Machinarium bezalako obretako pertsonaiak ikusiko dituzte jokalariek.

“Jokatzeko erraza, baina menperatzeko zaila” den jostagarritasuna izango da Fraymakersen ardatza. Bideojoko dibertigarria eratu nahi dute McLeodGamingekoek, baina aldi berean jokalari lehiakorrentzako erakargarria izatea bilatuko dute. Horretarako era guztietako teknika eta mekanika bereziak prestatuko dituzte.

Azken urteotan borroka jokoetarako ezinbestekoa egiten ari den rollback netcodea ere agindu dute, sare bidezko partida azkarrak jokatzeko. Zaleek sortutako eduki propioak jokoan modu erraz batean txertatzeko sistema garatzen ari dira gainera. Fraytools deitutako programarekin mota guztietako edukiak sortu eta jokoan inplementatu ahalko dira. Pertsonaiak, borrokalekuetan ezartzeko elementu zehatzak, kokaleku osoak… nahi bezala gehitzeko aukera egongo da borroka jokoan.

Fraymakers argitaratzeko, baina, jokoa finantzatu beharra dute. Horretarako zaleengana jo dute Kickstarter kanpaina batekin. Eskatutako gutxieneko diru kopurua 38.826 eurotakoa da, baina albistea argitaratzeko unean kopuru hori ia bikoiztea lortu dute jada: 61.597 euro bildu dituen finantzaketa kanpaina arrakastatsuak oraindik 28 egun dauzka aurretik.

Nola ez, diru gehiago lortuta eduki gehiago garatuko dituzte arduradunek. Momentuz borrokalari berri bat egongo dela aurreratu dute, baina bildutako diru kopuruak gora egin ahala kokaleku gehiago, ordezko soinu banda eta beste hainbat eduki gehituko dituzte.

Kanpaina abenduaren 18an bukatutzat emango dute. Fraymakers Steamen erosi ahalko da, baina kontsoletara helduko den ikusteko dago. Argitaratze data ere zehaztu dute garatzaileek: 2022ko martxoan kaleratzea aurreikusten dute.