PlayStation 5 eta PCrako estreinatuko da hasiera batean. Gainerako plataformetako jokalariek beranduago ikusiko dute.

Arkane Studiosek abuztuan Deathloop 2021eko bigarren hiruhilabetera atzeratzeko erabakia hartu zuela iragarri zuen “langileen segurtasuna bermatzeko” neurriak ezarri ahal izateko. Gaur, akziozko jokoa kaleratuko den eguna zehaztu du: maiatzaren 21ean iritsiko da saltokietara.

Eguna Zeelanda Berriko PlayStation Storetik filtratu da. Horrez gain erreserbak eta edizio bereziek ekarriko dituzten edukiak ere ezagutzera eman dira.

Deathloop aldez aurretik erreserbatzen duten PS5eko jokalariek Royal Protector matxetea eskuratuko dute. PS5 zein PCko erabiltzaileek “Storm Rider” Colt itxura eta One Trinket ahalmena lortuko dute.

Digital Deluxe Editionak are eduki gehiago dakartza. Eat The Rich Tribunal eta .44 Karat Fourpounder armak emango ditu bi plataformetarako jokalarientzat; PS5ekoek Transtar Trencher arma ere lortuko dute esklusiboki. “Party Crasher” Colt eta “Sharp Shooter” Julianna itxurak ere ahalbidetuko ditu, Two Trinkets ahalmenarekin batera. Horrez gain soinu bandako abestiak entzuteko aukera egongo da edizio horrekin.

Tiro joko honen ardatza zikloak izango dira: behin eta berriz hiltzea normala izango den arren, ziklo bakoitzak aukera berriak eskainiko ditu helburuak gainditzeko.

Dishonoreden eta Preyen sortzaileen azken jokoa PlayStation 5 eta PCrako estreinatuko da maiatzaren 21ean. Ondoren beste plataformetan ere ikusiko dugu, baina oraindik ez dago horientzako argitaratze data zehatzik.