Main Loop Videogames estudio bilbotarraren beat ‘em up jokoa 2021ean estreinatuko da.

Euskaraz gozatu daitezkeen bideojokoen zerrenda nahiko laburra den arren, badaude beraien obrak euskaratzeko lanean diharduten garatzaileak. Horien artean daude, esaterako, Main Loop Videogameseko bilbotarrak: prestatzen ari diren Itadaki Smash bere osotasunean euskaraz jokatzeko aukera egongo dela jakinarazi du estudioak.

Jasone Irastorzak eta Jose Antonio Muñozek 2018an eratutako estudioa PlayStation 4 eta PCrako garatzen ari da beat ‘em up erako joko hau. Nabarmendu dutenez bi plataformetako bertsioetan euskara hautatu ahal izango da hizkuntza aukeratzerako orduan.

Akziozko joko klasikoen zaleentzako abentura aproposa izango da Itadaki Smash: garatzaileek diotenez “generoko klasikoak omentzen dituen mundu garaikide batean kokatutako beat ‘em upa da”. Lau pertsonaia desberdinen artean aukeratu eta Yakuza zein madarikatutako janariaren aurka kolpeka egin beharko dute jokalariek. Abentura osoa lagun batekin jokatzeko aukera egongo da bi pertsonentzako tokiko multijokalariarekin.

PlayStation Talents ekimenarekin

Orain egun batzuk trailer berria zabaldu zuten PlayStation: The Moment aurkezpenaren baitan. Izan ere, Itadaki Smash PlayStation Talents ekimenaren baitan kokatuta dagoen Games Camp proiektuko irabazleetako bat da.

Sonyren ekimen horrek garatzaile eta estudio txikiei era guztietako laguntzak eskaintzen dizkie. 2021eko PlayStation Talents Games Camp abian da jada: izen emate epea ireki berri dute. Interesatuta dagoen bideojokoen garatzailea bazara, hemen aurkituko duzu deialdiari buruzko informazio guztia.

Beat ‘em upa ez da Main Loopek euskaraz jokatzeko aukera emateko lan egiten duen lehen aldia: joan den urtean kaleratutako Submersed beldurrezko jokoa ere euskaratu zuten. ISrekin gertatuko den bezala, PS4rako eta PCrako eskuratu daiteke Submersed.

Itadaki Smashek ez dauka argitaratze data zehatzik. Hala ere, 2021eko lehen hilabeteetan kaleratuko dutela aurreikusten dute bilbotarrek.