Ez da munstro digitalen rol jokoak jasan duen lehen atzerapena izan. Udaberrira arte itxaron beharko da berri gehiago izateko.

Joan den urtean estreinatu behar zen Digimon Survive, baina azkenean aurreikusitakoa baino bi urte beranduago helduko da saltokietara. 2021ean argitaratuko dela agindu dute Bandai Namcokoek, 2020 urte bukaerarako prest edukiko zutela baieztatu ostean.

“Egungo nazioarteko egoerak garapenaren aurreikuspenak aldatu ditu”, adierazi du Kazumasa Habu jokoaren ekoizleak. Zaleei “agertutako pazientziagatik” eskerrak emateko aprobetxatu du Habuk: “Digimonen zaleentzako istorio gogoangarria edukiko duen RPG taktiko dibertigarri eta interesgarrian lanean jarraituko dugu”.

Jokoa bakarrik ez, bere inguruko berriak izateko ere datorren urtera itxaron beharko da. Ekoizleak udaberrian “xehetasun zirraragarri” gehiago emango dituztela agindu du.

Digimon Survive Witchcraft garatzailea prestatzen ari den RPG taktiko eta visual novel bat da. PC, PS4, Xbox One eta Switcherako iragarri zuten, baina ikusteko dago atzerapenarekin plataformen zerrenda aldatuko duten.

Jatorrizko animean gertatu bezala, txangoan dabiltzan haur talde batek mundu berri ezezagun batera bidaiatuko du ustekabean. Bertan ezagutuko dituzte Digimonak.