PCan zein Android eta iOS gailuetan urrutiko jokoa ahalbideratzen du aplikazioak.

Orain arte Playstation 4rako soilik zegoen PS4 Remote Play aplikazioa belaunaldi berrirako prestatzeko lanean jardun du Sonyk. Aplikazioaren izena PS Remote Playra aldatuta, gaurtik aurrera Playstation 5arekin funtzionatzeko prest egongo da.

Datorren belaunaldi kontsola eskuratzeko azaroaren 19ra arte itxaron beharko da, noski, baina Remote Playko ezaugarri berriak abian daude jadanik, ResetEra webgunean jakitera eman dutenez. PS5arentzako euskarriarekin batera HDRa aktibatzeko aukera dago orain, eta aplikazioak kontrolen eskeman egindako aldaketak gogoratuko ditu.

Streamingaren kalitatea aldatu ahalko da PS5ean zein PS4an. 360p, 540p, 720p eta 1080p bereizmenak hautatu ahalko dira. Horrela norbere etxeko sarearen abiadura eta indarraren arabera aukerarik onenaren artean aukeratzea ahalbideratzen dute.

Aukera batzuk desagertu egin dira, baina. PS5eko jokoetan ezin izango da irudien tasa aldatu; ez dute zehaztu zer nolako tasa izango duen urrutiko jokoak, edo bideojokoaren araberakoa izango den. Windows 8.1erako euskarria desagertu egingo da: W10en erabiltzaileek soilik ahalko dute Remote Play erabili PCan.

Ordenagailuez gain Android eta iOS gailuek ere jaso dituzte aipatutako aldaketa guztiak. PS Vita eta PSTVren kasuan, baina, ez dute ezer zehaztu.