Control Center deitutakoarekin jokotik irten gabe sistemako ezaugarri guztietarako “beheralako sarbidea” ahalbideratuko dute.

Sonyren kontsola berria saltokietara iristeko azken asteak falta dira. Orain gutxi hardwarearen inguruko xehetasun guztiak ezagutzeko balio zuen bideoa argitaratu ondoren, japoniarrek PS5aren interfazea aurkeztu du.

“Jokalariarengan ardaztutako” UX edo erabiltzailearentzako esperientzia sortu dutela adierazi du Hideaki Nishino Sony Interactive Entertainmenteko azpizuzendariak. Jokatzera zuzendutako denbora “balio handikoa” dela dio Nishinok, eta UX berriarekin jokatzerako orduan “esperientzia sozialagoa, dibertigarriagoa, pertsonalizatuagoa eta errakargarriagoa” lortzeko lan egin dutela azpimarratu du.

Ezaugarri nabarmenena Control Center deitutako menuarekin dator. Sistemak eskaintzeko dituen ezaugarri guztietarako “beheralako sarbidea” eskainiko du CCak, eta guzti hori jokotik irten gabe gauzatzea lortuko du. Bertan ekintzak izeneko txartelak azalduko dira: txartel horiek “jokoen maila eta erronka zehatzetara joateko, huts egindako gauzak ikusteko eta jokatzeko aukera berriak ezagutzeko” balioko dute.

Control Centerretik jakinarazpenak, lagunen zerrenda, taldeak, ezarpenak eta beste hainbat ezaugarriren artean ere aritu ahalko da. Aldaketa hauekin, Sonykoek “interfazearekin emandako denbora murriztu eta bideojokoetara jokatzen emandako luzatu” nahi izan dute.

Lagunak jokatzen ari direla horien partidak zuzenean ikusteko aukera egongo da. Ez hori bakarrik, norbere partida jarraitu ahalko da hori egin bitartean, adiskideen pantaila albo batean azalduko baita. Erositako joko batean sare bidezko partida bat hasten badute, horretara beste joko batean jokatzen egonda ere sartzeko bidea egongo da.

Create ezaugarriak ere aldaketa interesgarriak dakartza. Beste jokalariek ezaugarri horrekin sortutako edukiak ikusterakoan gure jokoan egindako aurrerapenak kontuan hartuko ditu sistemak: besteak jokoaren istorioan gure aurretik badabiltza spoilerren arriskua dagoela adieraziko digu.

Aipatutako ezaugarri guztiak martxan erakusten dituen bideoa argitaratu dute Sonykoek. Playstation 5a azaroaren 19an merkaturatuko da.