Laugarren Night City Wire aurkezpenean bideojokoaren inguruko azken xehetasunak aipatu ditu CD Projekt REDek.

Azaroaren 19a hurbil dago jada. 2013an iragarritako Cyberpunk 2077ren garapena bukatu da, eta CD Projekt REDekoek jokoaren buruzko azken datuak eskaintzeko aprobetxatu du udan hasitako Night City Wire aurkezpenen laugarren atalarekin.

Bertan bildutakoen artean jokoan gidatzeko egongo diren ibilgailuak nabarmendu dituzte. Autoak, motorrak, kamioiak eta beste hainbat ibilgailu mota ikusiko dira Night Cityn. Garatzaileek bost kategoria desberdinetan banatu dituzte: Economy, Executive, Heavy Duty, Sport eta Hypercars. Horietako bakoitzeko ibilgailuek itxura, gidatzeko era eta ezaugarri propioak edukiko dituzte.

Bideoan ikus daitekeenez ibilgailuak gidatzerakoan sortutako pertzepzioa asko hobetu da lehen gameplay bideoetatik. Grand Theft Auto saga gogora ekartzen duen aukerak ditu Cyberpunkek: lehen zein hirugarren pertsonako ikuspegia eta jendea autoetatik botatzea horiek lapurtzeko dira, esaterako, aurkezpenean ikusitakoak.

Benetako ibilgailuak ere agertuko dira 2077. urteko jokoan. Johnny Silverhand pertsonaiaren Porsche 911 klasikoa azalduko da, adibidez. Keanu Reeves bera azaltzen da bideoan ibilgailuen soinu eta itxurari buruz hitz egiteko.

Hautatu zure estiloa

Cyberpunk 2077ri buruzko lehen datuak ematen hasi zirenetik pertsonalizazioa izan da poloniarren jokoaren ardatzetako bat: “berdin dio hilda bazaude, estiloarekin hilda bazaude behintzat”, diote trailerrean. Erropak, armak, inplanteak eta beste zenbait elementu aukeratu eta norbere ukitua emateko aukera egongo da Cyberpunken.

Garatzaileek lau estilo mota nabarmendu dituzte: Kitsch, Entropism, Neomilitarism eta Neokitsch. Bakoitza guztiz desberdina izango da noski, eta horien jatorriari buruz mintzatu dira aurkezpenean.

Cyberpunk 2077 Googlen Stadia plataforman estreinatuko den eguna zehaztu dute: azaroaren 19an eskuratu ahalko da; PC, PS4 eta Xbox Onean ere egun berberan argitaratuko da. Aurkezpena trailer zinematiko berriarekin bukatu dute.