Urriaren 17tik 19ra bitartean jokatu ahalko da soilik. Segaren 60. urteurrenaren ekimen berezietako bat izango da.

Sei hamarkada luzetan Segak hainbat beat ‘em up arrakastatsu garatu ditu. Horien artean ospetsuenetakoak Streets of Rage eta Yakuza sagak dira: bideojokoen enpresa japoniarraren 60. urteurrena ospatzeko asmoz bi lanak batuko dituen Streets Of Kamurocho berezia argitaratuko dute.

Zehazki, SoR2ren jostagarritasuna Yakuzaren pertsonaia eta kokalekuen nahastuko ditu Streets Of Kamurochok. Kiryu Kazuma eta Goro Majima protagonistak Tokioko fikziozko Kamurocho auzotik kolpeka arituko dira jokoan: nola ez, dozenaka arerio jipoitu beharko dituzte eskura duten edozein elementu erabilita. Bizikletak, ezpatak eta obratako konoak, edozer gauzak balioko du, jatorrizko jokoetan gertatzen den modura.

Bi lagun batera aritu ahalko dira guzti hau egiten, beat ‘em upak bi jokalarirentzako tokiko partidak eskainiko baititu.

Urteurren berezirako soilik egindako jokoa izango dela aurreratu dute Segakoek. Epe mugatuko lana da beraz: urriaren 17tik hasita 19ra arte jaitsi ahalko da SoK, doan. Printzipioz PCrako soilik egongo da, Steam bidez.