Jokoari buruzko era guztietako xehetasunak argitaratu dituzte. Azaroan estreinatuko da PS5 eta PS4rako.

Marvelen Playstation 4rako Spider-Manen jarraipena laster iritsiko da Sonyren kontsoletara. Spider-Man: Miles Morales PS5eko lehen jokoetako bat izango da, baina PS4rako ere estreinatuko da datorren hilabetean.

Halere gameplay bideo gutxi zabaldu dituzte Sonykoek. Azken txanpan hori zuzentzeko asmoa dute, eta abenturako lehen etsai nagusia erakusten duten trailerra argitaratu dute Game Informerren bitartez.

Aldez aurretik ezaguna den bilau baten aurka egiten du Spider-Man berriak: PS4ko jokoan garaitutako Rhino bueltan egongo da azken abentura honetan. Milesek arerio erraldoi horri aurre egin beharko dio bere botere berriak erabilita.

Ez da egunotan Insomniac Gamesen jokoaren inguruan argitaratutako berri bakarra izan. Shinobi602 txiolariak jokoaren xehetasun eta zehaztapen teknikoak eman ditu. PS5eko bertsioak bi errendimendu aukera edukiko ditu: Performance Mode deitutakoarekin 4K eta 60fps-etara ibiliko da jokoa; Raytracingarekin jokatu nahi dutenek 4K eta 30fps-tara egino beharko dute Fidelity Modearekin.

SSDarekin karga denbora guztiak ezabatu egingo direla aurreratu du Shinobik. Jokatzeko egongo den heroi bakarra Miles izango dela dio, eta iragarri gabeko bilau berriak agertuko direla. Horrez gain aurreko jokoaren gainean egindako era guztietako hobekuntzak egongo dira kameretan, jostagarritasunean eta beste alorretan.

Spider-Man: Miles Morales azaroaren 19an kaleratuko da PS5erako. Egungo belaunaldiko kontsolan jokatu nahi dutenek egun batzuk lehenago eskuratu ahalko dute: PS4rako azaroaren 12an merkaturatuko da.