2003ko jokoaren birmasterizazioa atal grafiko originalarekin jokatzeko aukera egongo da. PC eta kontsoletara iritsiko da urrian.

Albert Uderzoren eta Rene Goscinnyren eskutik jaiotako Asterix eta Obelixek hainbat bideojoko izan dituzte urteak igaro ahala. Horien arteko abentura arrakastatsuenetako bat izan zen Asterix & Obelix XXL: horren ondorioz Microidsekoak birmasterizazioa prestatzen ari dira PC eta kontsoletarako.

Birmasterizazioak askotariko aldaketak ekarriko ditu, eta horregatik 2003. urteko jatorrizko jokoaren atal grafikoarekin jokatu nahi dutenengan ere pentsatu dute arduradunek. Hori retro joko motarekin ahalbideratuko dute: edozein unetan grafiko originaletara aldatzeko aukera egongo da.

Izan ere, birmasterizazioarekin pertsonaien modeloak, animazioak, testurak eta argiztapena hobetu dituzte garatzaileek. Kameretan aldaketa ere ezarri dituzte, eta pantaila zabalentzako euskarria izango du Romasteredek. Guzti horiek albo batera utzi nahi dutenek retro joko mota erabiltzea baino ez dute izango.

Retro estiloarekin batera beste hiru joko mota berri gehituko dituzte: txanponak lortu beharreko erronkak ezarriko dituen Course Mode, erlojupeko frogak Countdown Moden eta arerio gogorragoak Extreme Moderekin.

Gainerako guztia bere horretan mantenduko da. Asterix eta Obelix mundutik zehar ibiliko dira beraien herrixkako adiskideak erreskatatzeko lanetan. Nola ez, horretarako ehundaka erromatarren aurka egin beharko dute Panoramix druidak egindako edabe magikoaren laguntzarekin.

Asterix & Obelix XXL Romastered PC, PS4, Xbox One eta Switcherako kaleratuko da urriaren 22an. Orain bi urte Asterix & Obelix XXL 2ren birmasterizazioa ere argitaratu zuten.