PS5 eta Xbox Serieseko jokalarientzako izango da soilik. Edizio digitala azaroan estreinatuko da.

2019ko ezuste handietako bat izan zen Devil May Cry 5. Capcomek joan den hilean hobekuntzak eta eduki berriak dakartzan Special Editiona iragarri zuen, eta guzti hori edizio fisikoan batuko dute abenduaren 1ean.

Special Editionaren berritasunik aipagarriena pertsonaia berria izango da: ohiturak jarraituta Vergil kontrolatzeko aukera egongo da SEan. Dante protagonistaren anaia bikia izanik deabru botere berberak ditu, baina arma eta teknika propioekin egingo du borrokan. Dante, Nero eta Vrekin ere jokatu ahalko da, jatorrizko bertsioan egin bezala.

Vergilez gain joko mota berriak ere gehituko dituzte Capcomekoek. Legendary Dark Knight Modean etsai kopuru harrigarriak batuko dira pantailan, erronka handiagoa eskaintzeko zain. Turbo Modeak jokoaren bizkortasuna areagotuko du, partida azkarragoak sortuta.

Grafikoek hobekuntzak izango dituzte belaunaldi berriko kontsoletarako jokoa izanik. 4K-ko bereizmena, irudien tasa hobea eta raytracinga agindu dute japoniarrek Special Edition honetarako.

Playstation 5 eta Xbox Series kontsolek jasoko dute edizio fisikoa. Aurretik joko digitala jarriko dute salgai: azaroaren 10ean kaleratuko da Xbox Series X eta Srako, eta azaroaren 19an PS5erako.

PCko jokalariak aipatutako hobekuntza eta joko motak gabe geratuko direla baieztatu du Capcomek. Hala ere, Vergil DLC bezala jarriko dute salgai; gauza berbera gertatuko da PS4 eta Xbox Oneko bertsioekin.