Arc System Worksek Giovanna eta Anji Mito borrokalariak aurkeztu ditu. PC, PS5 eta PS4rako estreinatuko da.

Guilty Gear Strive 2020ko azken egunetarako aurreikusita zegoen arren, Arc System Worksek datorren urtera atzeratzea erabaki zuen COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz. Japoniarrek trailer berri batzuekin argitaratze data zehatza eman dute: apirilaren 9an kaleratuko dute borroka jokoa.

PC, PS5 eta PS4ko bertsioak egun horretan estreinatuko dira. Hala ere, zale sutsuenek egun batzuk aurretik jokatzeko aukera edukiko dute. Izan ere, GG Strive hiru edizio desberdinetan merkaturatuko da. Standard deitutakoa izango da ohikoa, baina Deluxe eta Ultimate bertsioek apirilaren 6tik aurrera jokatzea ahalbideratuko dute.

Deluxe Editionak jokoarekin batera lehen Season Passa ekarriko du. ArcSysek ez du lehen eduki gehigarri horri buruzko estreinatze datarik eman. Hala ere bost borrokalari, borrokalari bakoitzarentzako bost kolore, bi kokaleku eta misio berria gehituko dutela azaldu dute Dragon Ball FighterZren garatzaileek.

Ultimate Editionak guzti horrez gain arte eta liburu soinu banda digitalak eta borrokalarientzako kolore bereziak gehituko ditu; azken edizio hau PS5 eta PS4rako soilik egongo da.

Borrokalari berriak ezagutzera emateko aprobetxatu dute Guilty Gearrekoek. Anji Mito pertsonaia ezaguna bueltan izango da Striven, baina berritasunak ere ikusiko dituzte zaleek Giovannarekin. Bi horiekin hamabost jokalariz osatutako zerrendako hamalau pertsonaia aurkeztu dituzte dagoeneko.