Beta eguneraketa baten bidez hasi dira frogak egiten. Aldaketa txiki baina garrantzitsuak ezarri dituzte.

Among Us joko arrakastatsua hobetu eta are ezaugarri gehiago gehitzeko lanean dihardute Innersloth taldeko garatzaileek. Jarraipenaren garapena bertan behera utzi ondoren dagoeneko argitaratutako lanean hobekuntzak egingo zituztela agindu zuten. Horietako batzuk dagoeneko ikusgai daude.

Eguneraketaren xehetasun ofizialik ez dagoen arren, Attack of the Fanboy webguneko kideek aldaketak zerrendatu dituzte. Aldaketa txikiak dira, baina partidak aldatzeko bestekoak direla nabarmentzen dute bertan.

Jokalarien bileretan botoa ematerako orduan horiek anonimoak izateko aukera ezarri daiteke orain partidetan. Modu horretara jokalariek ezingo dute besteek kanporatzeko hautatua nor izan den.

Orain arte zereginen barra beti ikusgai zegoen partidetan. Hori aldatzeko aukera ezarri dute garatzaileek: bileretan soilik edota ezkutatuta agertzea ezarri daiteke, iruzurtiaren lana errazteko.

Azkenik, jarratzaileek egindako eskari nagusienetako bat ezarri dute: pertsona daltonikoentzako laguntzak. Kolorezko kableen zeregina betetzerakoan bakoitzari forma desberdina jarri diote, pertsona daltonikoek zeregina modu errazagoan gauzatu ahal izateko.

Aipatutako aldaketak Among Usen beta bertsioan daude oraingoz. Steameko jokoaren ezaugarrietara sartu eta beta atalean public-beta deitutakoa aukeratu behar da. Beta eguneraketa Steam bitartez bakarrik jaitsi daiteke; Android eta iOSeko jokalariek ezin dituzte berritasunak ikusi.

Egindako aldaketa guzti horiek ez dute argitaratze datarik, baina azken bertsiora laster heltzea espero da.