PCrako jaitsi daiteke Steam bidez. Opariaz gain Segaren hainbat bideojokoren beherapenak hasi dituzte.

Sega bideojokoen enpresa japoniarrak 60 urte bete ditu aurten. Urteurren berezia ospatzeko hainbat ekimen eta jarduera egin dituzte urtean zehar. Orain bideojoko are bereziago bat oparitzea erabaki dute PCrako: 1992an argitaratutako Sonic The Hedgehog 2 dohainik eskuratu daiteke.

Sonic 2 Steameko bildumara gehitzeko jokoaren orrialdera joan beharra baino ez dago. Get Gamen sakatuta jokoa betirako gordetzen da liburutegian; urriaren 19ra arte lortu daiteke.

Bideojokoa Sega Mega Drive & Genesis Classics bildumaren baitan jokatu beharra dago. Bildumarako aplikazioak jatorrizko jokoa gehitzearekin batera hainbat berezitasun dituela aipatu beharra dago: Steam Workshopa erabili daiteke Segaren joko klasikoei modak ezartzeko.

Sonic 2rako, adibidez, Knuckles, Amy edota Cream pertsonaiekin jokatzeko aukera gehitzen duen modak daude. Sonic Maniako mugimendu bereziak erabiltzeko aukera ematen dutenak ere ikus daitezke, beste hainbat altxorrekin batera.

Oparia ez da Segaren 60. urteurrena ospatzeko egin duten ekintza bakarra Steamen. Sega60th deitutako merkealdi berezia jarri dute abian: Yakuza saga, Total War: Warhammer II, Persona 4 Golden, Alien Isolation, Bayonetta eta beste hainbat joko beherapenarekin erosi daitezke Valven saltokian.