The Sands of Time klasikoaren remakea garatzen ari da Ubisoft.

Atzo eguerdian lehen irudiak ikusi genituen, eta gaueko Ubisoft Forwardean baieztatu zen: Prince of Persia berria garatzen ari da Ubisoft, eta datorren urte hasieran kaleratuko dute.

Prince of Persia: The Sands of Time Remake 2003an PC, PS2, Gamecube eta Xboxerako argitaratutako klasikoaren berrikuspena izango da. 17 urte beranduago jatorrizko bideojokoak kontatutako istorioa errespetatu eta ikus-entzunezko atala berriztatzen duen bertsioa izango da aurkeztutako remakea. Zehazki, Ubisoften Anvil motore grafikoa erabili dute jokorako.

Akrobaziak, borrokak eta denboran atzera egiteko ahalmena izango dira persiako printzearen abenturako gakoak. Jatorrizko jokora ere jokatu ahalko dela baieztatu dute arduradunek: 1992an Macerako estreinatutako Prince of Persia desblokeatu ahalko da bertsio honetan.

Urtarrilaren 21ean argitaratuko da PC, Playstation 4 eta Xbox Onerako.