Atzo iragarritako Series S egun berberan merkaturatuko da. Irailaren 22tik aurrera erreserbatu ahalko dira.

Kostata, baina Microsoftek azkenik baieztatu du belaunaldi berriko kontsola handiaren argitaratze data eta prezioa. Xbox Series X azaroaren 10ean iritsiko da saltokietara, eta 499 eurotara salduko da.

Atzo bertan iragarritako Series S egun berberean estreinatuko da. Ez hori bakarrik, Series Xren anai txikiaren barrualdea erakusten duen bideoa zabaldu dute.

Microsoftek jakitera eman duenez, erreserbak egiteko epea irailaren 22an hasiko da. Kontsola berriei buruzko informazio guztia Xboxen blogean irakurri daiteke.

EAko jokoak Game Passarekin bat

Kontsolaren argitaratze datarekin batera Xbox Game Passaren barne egongo den ezaugarri berria iragarri dute. Xbox Game Pass Ultimatek eta PCko harpidetzak EA Play zerbitzuko bideojokoak batuko ditu.

Modu horretara EAren 60 obra baino gehiagotara jokatuko ahalko dute harpidetzaren erabiltzaileek: FIFA 20, Titanfall 2 eta Need for Speed Heat daude horien artean, baita Battlefield, Sims edo Mass Effect sagetako jokoak.