Series Xren anai gaztea 299 dolarretara argitaratuko da. Ez dute argitaratze datarik zehaztu.

Brad Sams kazetariak sare sozialen bitartez iragarri du goizaldean, eta Microsoftek jarraian iragarki ofiziala egiteari ekin dio. Xbox Series Xrekin batera Series S belaunaldi berriko kontsola kaleratuko dute Redmondekoek.

Samsen txioen ondoren Windows Central webguneak kontsolari buruzko informazio gehiago aipatu du. Kontsola txikiagoa izango da Series Sa, “Series Xren barruan sartzeko bezain txikia”. Zehazki, %60 txikiagoa izango da.

GPU aldetik 4TF RDNA2 bat edukitzea espero da, horrela Xbox One Xren besteko indarra izanik. Halere, Series Sa “1080p-ko bereizmenean jokatzeko prest egongo da, irudi tasa hobeagoarekin”. Joko batzuetan 1440p-ko bereizmenera iristea lortuko du, 120 fps-etara; 4K-ko upscaling-a ere aipatzen da filtratutako bideo batean. Ziur asko Xbox Oneko jokoekin lortuko du bereizmen horretara iristea.

SSDa izango du, noski: 512GBeko SSD NVME-a edukiko du. Raytracinga ere ikusiko dugu kontsola txikian.

Series Sak ez du irakurgailu optikorik edukiko: Playstation 5aren Digital Editionarekin gertatu bezala bideojoko digitaletara jolasteko balioko du Microsoften kontsola txikiak.

Windows Centralekoek nabarmentzen dutenez bi kontsolak egun berean merkaturatuko dituzte, azaroaren 10ean. Halere, Microsoftek ez du halakorik baieztatu oraindik. Series Xren prezioa ere aipatu dute webgunean: 499 dolarretara argitataratuko dela diote.