Ark: Survival Evolvedekin hasi dituzte frogak, eta datozen asteetan joko gehiago izango dituzte lorpenak.

Agindutakoa baino ia urtebete beranduago, baina Epicek lorpen sistema gehitu dio bere bideojokoen plataformari. Oraindik froga fasean dagoen arren Epic Games Storeko jokoek gutxinaka lorpenak edukitzen hasiko dira.

Iragarpena txio baten bidez egin dute. Bertan azaltzen dutenez, lorpenak bideojoko zehatz batzuetan soilik ezarri dituzte; sistema berriaren frogak egiten hasi baino ez dira egin. Askotariko aldaketa eta hobekuntzak gehitzen joateko asmoa agertu dute Epicekoek.

Zehazki, albistea argitaratzeko unean Ark: Survival Evolvedek soilik ditu lorpenak EGSan. Halere, Epicen bozeramaile baten arabera datozen asteetan are joko gehiagotan ikusi ahalko ditugu.

2019ko maiatzean Trello webgunean argitaratuta duten ibilbide orrian zehaztu zutenez, lorpenak sei hilabeteko epean ezartzea aurreikusten zuen Epicek. Aurreikusitako ezaugarrien artean modentzako euskarria eta plataformarentzako azal berria nabarmentzen dira.