2017an Studio MDHR-ek argitaratutako obra arrakastatsua Sonyren kontsolara iritsi da ezustean.

Erresuma Batuko Playstation Networkean aldez aurretik agertu ondoren, Summer Game Festekoek eman dute albistea. Cuphead ustekabean kaleratu dute Playstation 4rako.

Studio MDHR-ren bideojokoa orain hiru urte estreinatu zen PC eta Xbox Onean; 2019an Switcheko jokalariek eskuratu ahal izan zuten. Izugarrizko arrakasta lortuta, ordutik hona 6 milioi ale saldu ditu Cupheadek.

The Delicious Last Course DLCaren inguruan ere aritu dira garatzaileak. 2018ko E3an iragarritako espantsioan lanean ari dira oraindik, eta aurten argitaratuko dutela agindu dute, datarik zehaztu gabe.