Microsoftek Xbox Game Studioseko garatzaileak Series X zein PCrako prestatzen ari diren bideojokoen ordubeteko aurkezpena egin du.

Maiatzean Microsoftek datorren belaunaldiko bideojokoen lehen aurkezpena egin zuenean, Xbox Game Studioseko garatzaileeen bideojokoak ekimenetik kanpo utzi zituen. Hori zuzentzeko Xbox Games Showcase izeneko aurkezpenarekin Xbox eta PCren etorkizunera begirako obra propioak ezagutzera eman ditu.

Aurkezpena izen handiekin hasi dute. Halo Infiniten lehen gameplay trailerra ikusi ahal izan da ekitaldian. Master Chiefen belaunaldi berriko abenturan mundu irekia izango dugu, baina Haloren erroetara itzultzeko gogoa dutela erakutsi dute Xboxekoek.

State of Decay 3ren iragarpena etorri da ondoren. Trailer zinematiko labur batekin iragarri dute Undead Labsen zombien sagaren joko berria.

Microsoften saga ezagunenetako batekin jarraitu dute: Forza Motorsport ere Series Xn egongo da, nola ez. Gameplayrik erakutsi gabe, Laguna Seca zirkuituko irudi batzuk ikusi ditugu, eta Xboxen auto lasterketa jokoak inoiz baino itxura hobea dauka.

Rare garatzaile britainiarrak joan den azaroko X019an Everwild erakutsi zuen, eta orain beste bideo labur batekin bideojokoaren inguruko xehetasun gehiago ezagutu ditugu. Sea of Thievesen arduradunak magiaz eta naturaz betetako mundu bizia sortzen ari dira.

Everwildekoek egin bezala, Life is Strangeko garatzaileek prestatzen ari diren lana aurkeztu zuten azaroko Xboxen aurkezpenean. Tell Me Why abentura narratiboak orain arte ikusitako Dotnoden jokoen bide berbera jarraituko duela dirudi.

Moon Studiosekoek ere beraien txokoa eduki dute, dagoeneko argitaratu duten Ori and the Will of the Wispsen berritasunak nabarmentzeko. Xbox Series Xk Ori txikiaren azken abentura jasoko du hainbat hobekuntzarekin: 120fps-tara jokatu ahalko dela azaldu dute garatzaileek.

Obsidianekoek bideojoko berria iragarri dute: Avowed. Trailer zinematikoa soilik ikusi dugu, baina Microsoftekoek aipatu dutenez lehen pertsonan biziko den akziozko rol abentura izango da.

Grounded biziraupen jokoa datorren astelehenean estreinatzen da, eta hori gogoratzeko aprobetxatu dute aurkezpenean. Gainera The Outer Wildsen Peril on Gorgon espantsioa, Warhammer 40K Darktide, As Dusk Falls, The Gunk eta beste bideojoko askoren trailer laburrak ikusi ahal izan ditugu Microsoften eskutik, baita Tetris Effecten bertsio berria ere, Connected.

Double Finekoak crowdfunding bidez finantzatutako Psychonauts 2rekin lanean jarraitzen dutela aldarrikatu dute aurkezpenean. Jack Black aktore eta musikariarekin lan egingo dute, beste behin. Gameplay bideo batekin abentura zoroaren irudi berriak ikusi ditugu.

Klasiko baten itzulera bizi izan da Xboxekoekin. Stalker 2k berriz ere Zona beldurgarrira eramango gaitu biziraupen eta akziozko jokoarekin.

Stalker eta Halo ez dira izan tiro joko berri bakarrak. CrossfireX akzio jokoaren kanpainako gameplay labur bat aurkeztu dute: mertzenarioen arteko borrokak izango dira abenturaren protagonistak.

Bukatzeko klasikoekin jarraitu dute Microsoftekoek. Fable bueltan da, eta xehetasun gutxi eskaini dituzten arren Xbox Game Studios rol joko maitatuan lanean ari dela baieztatu dute trailer zinematiko baten bidez.

Xbox Series X urte amaieran estreinatuko da, baina ez dugu argitaratze data zehatzik ezagutu aurkezpen honetan. Suposatzekoa da beraz etorkizun hurbil batean beste aurkezpen edo ekimen bat ikustea Microsoften aldetik.