The Game Kitchenek garatutako metroidvaniak istoriako edukiak, etsai nagusi berriak edota New Game + joko mota gehituko ditu abuztuaren 4an.

Iazko irailean argitaratutako Blasphemous jokoari eduki berriak gehitzeko lanean dihardute The Game Kitcheneko garatzaileek. The Stir of Dawn doako espantsioak era guztietako berritasun eta hobekuntzak ekarriko ditu metroidvania generoko obrara.

Jokoaren arduradunek eduki berriak zerrendatu dituzte Team 17 banatzailearen blogean. Horien artean nabarmentzekoak dira jokoaren istoriorako eduki berriak: orain arte ikusi gabeko etsai nagusiak, pertsonaiak eta esploratzeko kokalekuak gehituko dizkiote Blasphemousi.

New Game + joko mota ere izango du metroidvania honek. Horrela, bideojokoa behin bukatuta berriz ere lortutako ahalmen eta objektuekin hasteko aukera edukiko dute jokalariek. Exekuzio gehiago eta kontraerasotzeko mekanika berria gehituko dutela ere agindu dute garatzaileek.

Protagonistaren abilezia eta ahalmenak aldatuko dituen Three Penitence sistema ere ezarriko da. Horretaz gain bikoizketa berritua, objektu gehiago, berriztaturiko animazioak edota kokalekuak eta beste hainbat aldaketa ekarriko ditu DLCak.

The Stir of Dawn abuztuaren 4an kaleratuko dute PC, Nintendo Switch, PlayStation 4 eta Xbox Oneko bertsioetarako.