PS4, Xbox One eta Switcheko jokalariek oraindu gabe jokatu ahalko dute. PCkoekin ere berbera gertatuko da, aldaketekin: Epic Games Storean soilik eskuratu ahalko da.

Psyonixek iragarri duenez, bere Rocket League arrakastatsua dohainik eskuratu ahalko dute plataforma guztietako jokalariek. F2Prako aldaketa uda honetatik aurrera gauzatuko dute, datarik zehaztu gabe.

Bideojokoaren oinarriak “berdin” mantenduko dituztela agindu dute garatzaileek. Halere, menu nagusiek aldaketak jasoko dituzte “nabigazioa errazteko”, eta txapelketek edo erronkek plataformen arteko aurreratzea jasoko dute.

Steametik kanpo

Modu horretara Rocket League PS4, Xbox One, Switch eta PCan doako bideojokoa izatera igaroko da. Azken plataforman, baina, aldaketak egingo ditu Psyonixek. Steametik desagertu egingo da bideojokoa; Valven plataforman erosita dutenek bertatik jaitsi eta arazorik gabe jokatzen jarraitu ahalko dute.

Izan ere, Epic Gamesek Psyonix erosi zuen orain urtebete. Hori dela eta doako bertsioa Epic Games Storekoa izango da PCko kasuan. Rocket League Epicen launcherrean kaleratu gabe dago oraindik: doakoa izatera igarotzen den egun berean argitaratuko dute bertan.

2015ean kaleratutako bideojokoa dagoeneko erosita dutenek hainbat ordainsari jasoko dituzte formatu aldaketagatik. Zehazki, Rocket Leaguerako argitaratutako DLC guztiak doan jasoko dituzte, baita beste item berezi batzuk ere.