Rogue Company shooterra eta WWE2K Battlegrounds borroka jokoa aurkeztu dituzte ekimen digitalean.

Nintendok uztaileko Direct aurkezpena egin du, oraingoan Mini formatuan. 10 minutuko iraupena eduki duen ekimen digitalak Switcharen etorkizuneko hainbat bideojoko nabarmendu ditu.

Directa The Legend of Zeldaren erritmo jokoarekin hasi dute. Cadence of Hyrule – Crypt of the NecroDancerrek season passa jaso du: hiru DLCtan banatuta egongo da, eta lehena dagoeneko kaleratu egin dute.

Gaurtik aurrera Impa, Aria, Shadow Link, Shadow Zelda eta Frederick pertsonaiak erabili ahalko dira, bakoitza bere ezaugarri bereziekin. Bigarren eta hirugarren DLCak 39 abesti eta Skull Kiden istorio berezia ekarriko dituzte, hurrenez hurren; urriaren aurretik estreinatuko dituztela agindu dute. Gainera, bideojokoaren edizio osoa prestatzen ari dira urriaren 23rako.

Ondoren, Nintendokoek Hi-Rez garatzailearen Rogue Company shooterra eta WWE2K Battlegrounds borroka jokoaren berri eman dute.

Ezustekoak Atlusen aldetik iritsi dira. Japoniarrek Shin Megami Tensei JRPG sagarekin gogor ekingo diote Nintendoren kontsola hibridoan. 2003an PS2rako estreinatutako Shin Megami Tensei Nocturnek birmasterizazioa jasoko du Switchean datorren urteko udaberrian; Megaten sagaren hirugarren atala da. PS4rako bertsioa ere iragarri dute arduradunek.

Bukatzeko, 2017an ikusitako Shin Megami Tensei V berriz ikusi ahal izan da azkenik. Bideo labur batean bere protagonsta eta istorioa ezagutu, eta argitaratzeko urtea eman dute Atlusekoek: datorren urtean estreinatuko da Nintendoren kontsolan.