PC, PS4 eta Xbox Onerako argitaratuko dute, baina arduradunek kontsolen belaunaldi berrirako doako eguneraketa agindu dute mendekatzaileen jokorako.

War Table deitutako aurkezpen berezia egin dute gaur Square Enixek eta Crystal Dynamicsek. Bertan Marvel’s Avengers akziozko jokoari buruzko berritasunak erakutsi dituzte; horien artean superheroien aurkari nagusia izango dena eta jokalari bakarrarentzako zein multiplayerrarentzako joko motak iragarri dituzte.

Horretarako hainbat trailerretaz baliatu dira. Bideojokoaren istorioa izan du ardatz lehenengoak: bertan Cristal Dynamicsen jokoaren bilaua ezagutu ahal izan dugu. M.O.D.O.K. izango da, A.I.M izeneko erakundearen agintean. Botere bereziak dituzten gizakientzako sendagaia sortzeko aitzakiarekin, horien gorputzak erabilita esperimentu latzak egiten ditu erakundeak.

Jokalari bakarrarentzako joko motako protagonista nagusia Kamala Khan izango da: Ms. Marvel. Hero Missions deitutakoetan bera kontrolatzeaz gain Avengersen taldearekin ere jokatuko dute jokalariek.

Gudalekuak edo War Zones deitutakoak multiplayerrera zuzendutako misioak izango dira. Lau jokalariz osatutako taldeek parte hartuko dute horietan; IA bidez kontrolatutako botekin jokatzea ere posible da. Horietan gure superheroiak pertsonalizatu ahalko ditugu; bakoitzak ahalmen eta ezaugarri propioak edukiko ditu.

Jokoa argitaratu ondoren edukiak gehitzeko lanean jarraituko dutela agindu dute SE eta Crystal Dinamicsek. Doako gehigarriak izango dira, eta horiekin superheroi edo misio berriak ikusiko ditugu.

Marvel’s Avengers PC, PS4 eta Xbox Onerako kaleratuko dute irailaren 4an. Akziozko jokoa belaunaldi berrira iristea ere nahi dute garatzaileek: Playstation 5 eta Xbox Series Xrako bertsioa doan jasoko dute kontsola zaharretarako erosten dutenek.