ARMS bideojokoan agertutako pertsonaietako bat izango dela zehaztu zuen Sakuraik.

Nintendok bere borroka joko arrakastatsuaren DLC berria aurkeztuko du gaur 16:00etan. Martxoan egindako Nintendo Directean jakin genuenez, Super Smash Bros. Ultimatek jasoko duen borrokalaria ARMS bideojokoaren pertsonaietako bat izango da.

Masahiro Sakurai bideojokoaren zuzendariak 35 minutu iraungo dituen aurkezpena gauzatuko du. Bertan pertsonaia berriaren xehetasunei, kokaleku berriari eta askoz gehiagori buruz ariko da Sakurai.

Hori bai, dagoeneko zehaztu dute ez dutela ARMSeko borrokalariaren ondoren Smashera helduko den pertsonaiari buruz ezer esango. Gaurko iragarpena bigarren Fighter Passeko lehena izango da; ARMSeko pertsonaiaren ondoren beste bost borrokalari garatuko dituzte Nintendokoek.

Ikusteko dago borrokalari bakarra izango den edota hainbat skin edo itxuraz osatutako pertsonaia anitzez egindako borrokalaria den. Halako kasuak ikusi ditugu dagoeneko SSB Ultimaten Dragon Questeko heroiekin, adibidez. Guzti hori arratsaldean argituko du Smashen arduradunak.