Spyro Reignited Trilogy garatu zuen estudio berbera ariko zen marsupialaren abentura berrian prestatzen.

N. Sane Trilogyrekin Crash Bandicooten lehen hiru abenturak berriz bizi ostean, marsupialaren abentura gehiago ikusiko ditugula ematen du. Taiwaneko Bideojoko Digitalen Balioztatze Komiteak Playstation 4 eta Xbox Onerako Crash Bandicoot 4: It’s About Time deitutako bideojokoa aipatu du.

Izenburua ez ezik, jokoaren karatula eta sinopsia ere filtratu ditu komiteak. “Crash 1998. urtean bere irla esploratzen eta atsedena hartzen dabillela, Lani-Loli izeneko maskara misteriotsua aurkitzen du kobazulo batean. Maskara kuantikoetako bat da; horien itzulera ikusita eta Quantum Rifta gure heroiengandik hurbil agertuta, Crash eta lagunek denbora eta dimentsio desberdinetatik ibiltzea erabakiko dute arduraduna gelditzeko asmoarekin”.

Gematsu webgunean berri eman dutenez, Crashen abentura berria Toys for Bob estudioaren kargupean egongo zen; marsupialaren remakeak garatu zuen estudio bera da, eta bere azken lana Spyro Reignited Trilogy da.

Antza denez Activision egunotan prentsari Crash Bandicooten puzzleak bidaltzen aritu da. Puzzlean maskara berria azaltzen da, Lani-Loli delakoa ziurrenik; karatulan maskara berbera ikus daiteke. Orain bideojokoaren iragarpen ofizialari itxarotea gelditzen da.