Berritasun mordoarekin, Xbox One, PlayStation 4, Nintendo Switch, iOS, Android, Windows 10 eta jatorrizko Java bertsioan batera estreinatuko da.

Minecraften zaleek aurten 11 urte bete dituen Mojangen lanera itzultzeko aitzakia bikaina dute. Nether eguneraketa ekainaren 23an kaleratuko dutela iragarri du Mojangek.

Eguneraketa Minecrafteko munduen “alde iluna” biziberritzeko asmoz gauzatu dute. Orain arte Nether dimentsioak bioma bakarra eduki du; eguneraketak beste lau bioma desberdin gehituko dizkio. Horiek Soul Sand Valley, Crimson Forest, Warped Forest eta Basalt Deltas dira.

Biomekin batera beste hainbat berritasun ekarriko ditu Nether eguneraketak: lagun edo etsaiak izan daitezkeen Piglin herritarrak, Hoglin deitutako basurdeak edota Netherite Ingot bezalako material berriak.

Soinu banda eguneratzeko ere aprobetxatuko dute. Netherra girotuko duten 20 abesti berri gehituko ditu eguneraketak; Lena Rainek konposatutako abestiak izango dira, eta Spotifyn entzungai daude.

Nether eguneraketa plataforma guztietara helduko da. Xbox One, PlayStation 4, Nintendo Switch, iOS, Android, Windows 10 eta jatorrizko Java bertsioak egun berean jasoko dute.