Playstation 4rako argitaratuko dute japoniarrek akziozko jokoa; 2021ean argitaratzea aurreikusten dute.

Naruto Ultimate Ninja Storm edota Dragon Ball Z Kakarot arrakastatsuak sortu ondoren, CyberConnect2 garatzaile japoniarrak Demon Slayer: Kimetsu no Yaiba manganimean oinarritutako bideojokoa sortzen ari dela iragarri du Aniplexek.

Hinokami Keppuutan azpitituluarekin, merkatu japoniarrerako egindako iragarpenak bideojokoa Playstation 4an argitaratuko dutela adierazi dute. Mendebaldean iragarpen ofiziala egiten dutenean plataforma gehiagotan argitaratuko duten jakingo dugu.

Akziozko bideojokoa izango da Kimetsu no Yaibarena; Tanjiro Kamado protagonistak demonioei aurre egin beharko die deabru bilakatutako bere arreba Nezuko berriz gizakia izatea lortzeko eta bere familia mendekatzeko.

Aniplexek ez du bideojokoari buruzko informazio gehiago eskaini. Hori bai, manganimearen zaleek 2021era arte itxaron beharko dute; datorren urtean argitaratuko dute bideojokoa japonian.