ESAk azaldu duenez, aurtengo erakusketa “sare bidezko esperientzia” batean bilakatzeko lanean ari dira partaideekin.

2020ko E3a ospatu gabe geratuko da. Entertainment Software Associationeko arduradunek jakitera eman dutenez, “koronabirusaren inguruko kezkek sortutako egoera global horren aurrean jokatzeko modu egokiena” dela uste dute.

“Gure partaideekin industriako kide guztien -gure zaleak, langileak eta partaideak- osasun eta segurtasun arloko neurriak kontsultatu ondoren, Los Angelesen ekainaren 9tik 11ra programatutako E3 2020 bertan behera uzteko erabaki zaila hartu dugu”.

Erakusketaren arduradunentzat “etsigarria” da ekitaldia ez ospatzea, baina gaur egun koronabirusaren inguruan dagoen informazioa aztertuta “erabaki zuzena” hartu dutela uste dute.

Los Angeleseko Konbentzioguneak bideojokoen erakusketa handiena hartuko ez duen arren, ESAk partaide eta zaleei alternatiba bat aurkezteko lanetan ari dela azaldu du.

Zehazki, erakusketa “sare bidezko esperientzia” batean bihurtu nahi dute, streaming bidez bideojokoei buruzko iragarpenak eta berriak eskaintzen jarraitzeko.

Erakusketa bisitatzeko sarrerak erosi dituzten zaleei dagokienez, “sarrerengatik ordaindutakoa itzuli” egingo zaiela azpimarratu dute. E3 2021 ere aipatu dute; datorren urtean erakusketa egitea aurreikusten du ESAk.