150 jokalari batera lehiatuko dira Warzonen. PC eta kontsolen arteko joko gurutzatua edukiko du.

[EGUNERATUTA]: Activisionek Call of Duty: Warzone ofizialki aurkeztu du trailer baten bidez. Bihar, martxoaren 10ean argitaratuko dute bideojokoa PC, PS4 eta Xbox Onerako.

[Jatorrizko albistea]: Youtuber ezagun batek Activisionen shooter saga ezagunaren hurrengo bideojokoa filtratu du. Call of Duty berria sare bidez soilik jokatuko da, sagak dagoeneko ondo ezagutzen duen battle royale estiloko lehietan. Warzone izena du shooterrak, eta filtratutako bideoak hainbat xehetasun azaldu ditu.

Hasteko eta behin, bideojokoa doakoa izango da. Youtuberrak azaldu duenez, “laster” PC, PS4 eta Xbox Onerako argitaratuko dute. Battle royalean 150 jokalari ariko dira batera mapa erraldoi batean; partidak bakarkakoak, bikoteka edota taldeka jokatu ahalko dira, bakarra bizirik geratu arte.

CoD: Warzonen joko gurutzatua edukiko duela nabarmendu du iturri berberak. Modu horretara PC eta kontsoletako jokalariek elkarrekin jokatzeko aukera izango dute, bideojokoaren jokalari kantitatea handituz horrela.

Filtrazioa ikusita, Activisionen erantzunaren zain gaude orain. Iturri batzuen arabera jokoa bihar iragartzeko asmoa izan dute Call of Dutyren jabeek.