Zaleek sortutako Half-Lifen remakeak 1.0 bertsioa jaso du.

Orain 16 urte hasitako Black Mesa proiektua ofizialki argitaratu dute Steamen Crowbar Collectiveko sortzaileek. Mod bezala jaiotako Half-Life 1en remakea handituz joan da azken urteetan, zaleen proiektua izatetik Valven onespena jasotako bideojoko osoa izatera iritsi arte.

Azken urteetatik remakera jokatzeko aukera egon bada ere, orain gutxira arte jokoa bukatu gabe egon da: azken atala, Xen, joan den urteko abenduan argitaratu zuten, eta ordutik hona azken xehetasunak konpontzen aritu izan dira.

Black Mesaren 1.0 bertsioak hainbat zuzenketa gehitzeaz gain aldaketa mordoarekin eguneratu du Black Mesa. Sortzaileek nabarmendu dutenez, azken bertsioak gehitutako aldaketa garrantzitsuena “soldadu etsaien adimen artifizialaren berrikusketa osoa izan da”.

Eszenarioek “adimen artifiziala hobeto erabiltzeko” diseinu aldaketak jasan dituzte gainera: tiroketa eremuak hobetu dituzte eta puzzleen diseinua aldatu dute, aldi berean jokalariek lortu beharreko helburuak argiago adierazita. Ez hori bakarrik, arte aldetik hobekuntzak egin dituztela azaldu dute arduradunek.

“Definitive Edition”

Bideojokoa ofizialki argitaratu duten arren lanean jarraituko dutela azaldu dute Crowbar Collectivekoek. Etorkizunean Definitive Edition izenagaz bataiatu dute 1.5 bertsioa argitaratzeko lanean ari direla diote.

Horretarako are akats gehiago identifikatu eta konponduko dituzte, eta Steam Workshopean egindako lana hobetu nahi dute. Eguneratze horiek doakoak izango direla zehaztu dute.

Black Mesa Steam saltokian salgai dago 17,99 eurotara.