Platinum 4 proiektuko bigarren bideojokoa da. Viewtiful Joe eta The Wonderful 101rekin hasitako “superheroien trilogia” osatuko du G.G.-k.

PlatinumGamesek urtarrilean aurkeztutako Platinum 4 proiektuaren barnean kokatutako bigarren lana aurkeztu du. Oraindik behin betiko izenbururik gabe, Project G.G. izeneko obra teaser trailer baten bidez iragarri dute sareetan.

Argitaratze data eta jokoaren generoa zehaztu gabe, trailerrean Hideki Kamiya zuzendariak hasitako “superheroien trilogiaren klimaxa” izango dela adierazten dute bideojokoaren arduradunek.

Trailerrak erasopean dagoen hiri bat azaltzen digu; Godzilla eta kaijuen azpigeneroko film eta telesailetan gertatu bezala, munstro erraldoi bat hiria suntsitzen agertzen da trailerrean. Munstroari aurre egiteko, baina, erraldoi egiten den mozorrotutako irudi bat ikusten dugu amaieran.

Hori horrela, argi dago Kamiya prestatzen ari den jokoa Ultraman telesail japoniar ospetsuan oinarrituta egongo dela. “Superheroien trilogiako” beste jokoak, Viewtiful Joe eta The Wonderful 101, Kamen Rider eta Super Sentai telesailetan oinarrituta daude, hurrenez hurren. Modu horretara superheroi japoniarren azpigeneroari omenaldia egingo diote Platinumekoek.

“100% PlatinumGames”

Teaserrarekin batera Kamiyak mezu bat argitaratu du Platinum 4 webgunean. Bertan adierazi duenez, Platinumek bizirik eman dituen 14 urteetan “jabetza intelektual propioko lana argitaratzeko lanean” aritu izan dira, eta gaur “helburu hori lortzeko lehen pausoa” eman dutela nabarmendu du sortzaileak.

Orain arte Platinum sortzaile lanetan aritu den arren, estudioak sortzen duen ekoizpen propioko lehen lana izango da iragarritako lana, eta “100% PlatinumGames” izango dela azpimarratu du zuzendariak.