Segak sortutako Yakuza saga etorkizun berri batera begira ari da. Protagonista desberdin batekin, zazpigarren atalak genero berri bati ekingo dio, aldaketa ugari ekarrita. Hala ere, Segak orain 14 urte Kazuma Kiryurekin hasi zuen bidea agerian jarri nahi izan du azken urteetan birmasterizazio eta remaken bidez, aldi berean mendebaldeko jokalarien artean ezagutzera emateko ahalegina eginda.

Ryu Ga Gotoku Studiok egindako remake horiek, hain zuzen ere, Yakuzaren lehen eta bigarren ataletakoak izan dira. Japonieraz ‘izugarria’ adierazten duen Kiwami azpitituluagaz, remake horiek PS2rako argitaratu zituzten lehen Yakuza horiek hobetzea eta handitzea izan dute helburutzat, sagaren sortzaileentzat zaharkituta geratu diren atalak baitira.

2018an argitaratua (2017an Japonian), Kiwami 2 pertsonaia ezagun eta berriekin beteta dago. Yakuzaren ikonoa bihurtu den Kamurochora bueltatuko gara bertan, Tokioko Kabukichon oinarritutako fikziozko auzoa; ez hori bakarrik, Osakako Sotenbori (Dotonborin oinarrituta) auzora ere bidaiatuko du gure protagonistak abentura honetan.

Seigarren atalean egindako lana hartzen du abiapuntutzat bigarren Yakuza Kiwamik. Dragon Engine motor grafikoak xehetasun eta argiz betetako mundua egiteko balio izan die Segakoei: etorbideak eta kalezuloak, bulegoak edota supermerkatuak, denak daude era guztietako xehetasunez beteta. Japoniara bidaiatu duenarentzat ezagunak egingo diren tokiak dira, sortzaileek lan bikaina egin baitute horiei bizia ematerakoan.

Kiwami 2 joko izugarria da grafikoki, eta PCko bertsioak bere arazo txikiak dituen arren, argi dago pertsonaien modeloek eta animazioek eta eszenario desberdinek maila itzela dutela. Abentura igaro ahala ikusiko ditugun zinematikak nabarmentzekoak dira, bikainak maila teknikoan.

Tokioko Kamurocho auzoaz gain, Osakako Sotenbori ere bisitatuko dugu.

Soinu aldetik maila aparta erakusten du Yakuzak. Une desberdinetarako hainbat abesti entzungo ditugu, eta japonierazko bikoizketa kalitate bikainekoa da, halako abenturan murgiltzeko ezin hobea. Esan beharra dago jokoaren testuak ingelesez bakarrik daudela. Irakurtzeko horrenbeste testu dituen jokoa izanik, bat baino gehiagori arazoak ekarri ahal dizkio.

Istorioari dagokionez, urtebete igaro da lehenengo bideojokoaren bukaeratik. Kiryuk, Dojimaren Dragoiak, bizi lasai bat darama Harukarekin, baina jokoa hasi eta gutxira dramaz eta traizioz betetako telenobelan murgilduko da. Hala izanik gure protagonistaren eta ezagutuko ditugun pertsonaien patua ezagutzeko irrikan egongo gara uneoro, argumentua etengabe ezusteko berriak jaurtitzen ariko baita.

Minijokoak eta misioak

Aipatutako bi auzoak ez dira oso handiak, baina edozein zokotan zer egin izango du Kiryuk; Yakuzaren ardatzetako bat bilakatu da urteak pasa ahala, eta Kamurochon zein Sotenborin era guztietako ekintzetan parte hartu ahal izango dugu. Karaoketik hasita beisbolean, golfean, karta jokoetan eta beste hainbat jardueretan ariko gara jokoan.

Minijoko horiekin batera, estrategiazko joko sinple bat berreskuratu dute Kiwami 2rako; zenbait gune defendatu beharko ditugu gure armadarekin, soldadu kopurua handituz eta horiek hobetuz goazen bitartean. Yakuza 0tik itzulitako Kabaretaren minijokoan ere aritu ahalko gara, Sotenboriko klub guztien errege bihurtzeko lana hartuta. Bere xarma badute ere bi gehigarri horiek astunak egin daitezke ordu batzuetara, eta laister batean murgilduko gara beste zeregin batzuetan.

Dojimaren dragoia

Izan ere, minijokoek bere garrantzia hartu duten arren Yakuzak beat em’ up estiloko bideojokoa izaten jarraitzen du. Oraingo honetan borroka estilo bakarra izango dugu, konbinazio sinpleetan oinarritutakoa. Borroka bortitz eta zirraragarrietan parte hartu ahala gero eta eraso edo mugimendu berezi gehiago desblokeatuz joango gara; bukaerarako erasoak saihesteko parryak, arma desberdinekin egindako finisher bereziak eta bestelako ahalmenak eskura edukiko ditugu.

Borrokak Kiryuk daraman bizimoduaren ardatza dira.

Ahalmen bereziak desblokeatzeko bost ataletan banatzen diren puntuak lortu beharko ditugu: indarra, bizkortasuna, izpiritua, teknika eta xarma. Puntu horiek borroketan parte hartuta, bazkalduz eta misioak beteta lortuko ditugu. Nola ez, abentura bukatzeko beharrezkoak ez diren hainbat misio berezi eta xelebreetan sartuta amaituko dugu. Horietako askok jokoaren une hoberenak eskainiko dizkigute: hainbat iruzur istorioetan parte hartuko dugu, haur txikiz mozorrotzeko fetitxea duten mafiosoekin borrokan aritu edota arte martzialen maisuak diren atsoekin topo egingo dugu.

Remake honen berritasunen artean, Yakuzako pertsonaia maitatuenetako baten atalak daude. Goro Majima mafiosoak bere abentura propioa dauka Kiwami 2n, lehen bi jokoen artean igarotakoak azalduz. Kiryuren abenturaren aldean egiteko gutxi dagoen arren, sagaren jarraitzaileek eskertuko duten gehigarria da. Segaren joko klasiko batzuetara jokatzeko aukera ere izango dugu Club Sega ezagunetan: Virtua Fighter 2ren eta Virtual Onen bertsio osoak gehitu dituzte abentura honetan.

Remake bikain honek Yakuzaren jarraitzaile sutsuenak zein sagarekin hasiberriak direnak Kiryuren istorioa gogoz jarraitzeko lan aparta egiten du. Dramaz betetako abenturak era guztietako ekintzetan parte hartzera eramango gaitu, eta borroka entretenigarriekin batera, ez gara aspertuko 20 ordutik gora irauten dituen istorioarekin.

Fitxa Teknikoa:

  • Plataforma: PC, PS4
  • Generoa: Akzioa, abentura, beat em’ up
  • Argitaratze-data: 28-08-2018
  • Sortzailea: Sega

⭐⭐⭐⭐